XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mirariak jesuiten zientziapean

Urtebete beranduago, 1932ko ekainak 21 zituela hain zuzen, Donostiako Victoria Eugenia zinema-antzokia arrautza bezala bete da.

Patioa, plateak, oilategia, pasiloak eta atezuloak ere jendez gainezka daude.

Ez dira etorri ez antzerkia ez zinema ikustera.

Hitzaldi bat entzutera jina da Donostia osoa.

Azaldu da hizlaria, esku-zarta beroz hartua.

Fraile bat dugu, Aita Laburu ospetsua. Espainiatik fuera futxo igorritako Josulagundikoa, Dolores Nuñezen aitzinean oihal beltzarekin agertua zen fraile argal eta luze hura bera!

- Ezkioko horretaz hitz egin hehar dut.

Eta horretaz hori indartu nahi nuke bereziki.

Lezione bat eman behar dut.

Ene metodoa dialektikoa izanen da.

Materiala mailakatzea.

Ideiaz ideia.

Erraten ahal didate ez naizela Ezkion bortz egun baino egon.

Eta zer.

Konparantza bat eginen dut.

Hemen dauden mediku jaunek berehala konprenituko dute.

Ekartzen didate pertsona baten listua.

Egiten dut azterketa.

Koch baziloak ikusten ditut nik han.

Bularreko gaitza.

Eta erraten ahal didate, zuk ez duzu listua bertzerik ikusi.

Ez dut gehiago behar.

Badakit normalaren eta normala ez denaren psikofisiologiaz.

Azter ditzagun zer diren fenomeno sintetikoak...

(Aita Laburu jakintsua da, halakoaren ospea du behinik behin. Tente egiten du hitz, nagusitasunez. Ñabardura gutiko aktorea da, baina oso hunkitzailea. Hitzaldi hau ez du azkena izanen.)

(Diozesiko bikario nagusiak bere esku utzi du Ezkioko hori behar bezala bideratzea. Entzuleria, egia erran, Anduagako zelai miragarrietan bezain liluratua dauka)

- Ikustagun Ezkiokoa.

Jainkoagandikoa baldin bada, honetarik egon behar du eta ez bertze honetarik.

Jainkoagandikoa baldin bada, ikustunek eduki behar dute dena Jainkoagatik egiteko nahikunde ezin bortitzagoa.

Apaltasun handiz, apaltasun sakonez.

Onbidez? Bada apaltasunik hemen? Bada onbidekorik hemen? Bada Jainkoaganako nahikunde bortitzik hemen?